Kultura

Kultura

Mendebala

Kantaurialdeko folk musikarik onena

Hiru.com

2009/07/03

Musika tradizionala gogoratu eta aldarrikatzeko asmoz jaio zen Sopuertako Mendebala Jaialdiak aurton azken hamarkadako folk musikaren artistarik esanguratsuenak bilduko ditu.

Mendebala Kantaurialdeko herrien, musikaren eta kulturaren jaialdiaren zazpigarren edizioa gaur eta bihar ospatuko da Sopuertako Santa Ana zelaietan. Jaialdia folk musika eta musika tradizionala entzuteko eta aldarrikatzeko helburuarekin sortu zen 2002. urtean.

Sopuertako Mendebala Jaialdiak azken hamarkadan folk musikan izan diren artista interesgarrienak bilduko ditu, Korrontzi taldea edo Aura Kuby abeslaria, besteak beste. Sarrera doakoa izango da eta arratsaldeko zortzietan hasi eta goizaldeko ordu biak arte Artisautza Azoka izango da.

Aurtengo taldeen zerrenda berrikuntzaz beteta dator. Gaur gauean, Korrontzi taldeak abiatuko du jaialdia, euskal eskusoinuen emanaldia eskainiz musika zeltaren oinarrizko osagai guztiekin. Segidan, Cristina Pato galiziarrak gaitarekin duen abilezia erakutsiko du. Azkenik, 1997. urtean sortu zen talde galiziar bat arituko da, Aira da Pedra taldea, hain zuzen.

Larunbatean Aura Kuby kantari kantabriarrak bere ahots ederra mundu osora zabalduko du gozotasun eta emozio handiz. Jarraian, bi talde asturiarrek euren emanaldiak eskainiko dituzte. Bata Llan de Cubel izango da, musika asturiar tradizionala egiten duen folk taldea, eta bestea, Skama la Rede, ska-punk estiloa jorratzen duen talde independentista. Folkaren jarraitzaileak dantzan jarriko dituzte bi taldeek.

Eskaintza, ordea, ez da hemen amaitzen, Sopuertako jaialdiak bi urtetik behin folk lehiaketa bat antolatzen baitu herriko taldeei aukera eskainiz. Lehiaketa horretako irabazleak kontzertu bat eskaintzeko eta disko bat grabatzeko aukera izango du. Iragan maiatzean egin zen finalaren ostean, Bizkaiko Ezkerraldeko Adarrots, taldea izan zen garaile, eta beren musika aditzera emateko agertoki gainera igoko da larunbat gauean.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa