Kultura

Kultura

XV.edizioa

SeXpeare konpainiaren umoreaz amaituko da dFERIA

Erredakzioa

2009/07/04

El título de este espectáculo no es mi madre antzezlaneko protagonistak ihes egin nahi du izaki arraroz eta fenomeno azalezinez beteriko unibertso hotzetik, baina ezin du, hilda baitago.

Algara artean amaituko da dFERIA SeXpeareren antzezlan eroak itxiko baitu aurtengo edizioa. Madrileko konpainia honek arrakasta handia izan du gurera etorri denero eta oraingoan ere ikusmina sortu dute. Bihar izango dute saioa 23:00etan Antzoki Zaharrean.

El título de este espectáculo no es mi madre antzezlanaren historia beste batzuk hasten diren puntuan amaitzen da. Marco hil berri da, eta, berraragitzeko, bizi zen bitartean izan zen guztiaz biluztu behar du. Prest da horretarako, salbu eta Michelleren oroitzapena ahazteko, bere biziko maitearena. Protagonistak ihes egin nahi du izaki arraroz eta fenomeno azalezinez beteriko unibertso hotzetik, baina ezin du, hilda baitago. Baina bera ez da enteratzen… Ergela da Marko. SeXpeare konpainia zientzia-fikzioaren unibertso berezian sartzen zaigu berriz ere, eta akziozko komedia txoro bat aurkezten digu, haraindian girotua… askoz haratagoko haraindian.

Eguna, ordea, Hondurasetik datorren Grupo Teatral Bambúren eskutik hasiko da. 16:30ean Mea culpa eskainiko dute Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz K.E.). Mea culpan, aurreko gauean edandako alkoholaren atzaparretan esnatzen da Jesus, pattar-trago baten irrikaz, ajeak eta bizitzak berak sentiarazten dizkioten oinazeak jasan ahal izateko.

Bestalde, Ertzak Zoo (Bestias trajeadas) ikuskizuna eramango du Gazteszenara (Egia K.E.) 18:30ean izango da. Zoo honek gizaki talde bat espazio murritz batetan ikusteko aukera emango digu. "Habitat" berri honetan nola jokatzen duten ikusi ahal izango dugu eta berauen ohitura eta jarreren testigu izango gara.

Azken egunerako ere, etxeko konpainia baten azken lanaren estreinaldia. Gernika, Aukeran Dantza Konpainiarena. Victoria Eugenia Antzokian taularatuko dute lehen aldiz lana 20:30ean. Aukeran Dantza Konpainiaren Gernika 1937ko apirilean gertaturikoaren kontakizuna da. Pluraleko lehen pertsonan kontatua da, hots, bonbardaketa jasan zutenek berek kontatua. Proposamenak dantza tradizionala eta garaikidea batzen ditu, eta argiak eta koloreak erabiltzen ditu giroak sortzeko.



Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa