Kultura

Kultura

90.urteurrena

Zorionak, Euskaltzaindia!

Erredakzioa

2009/09/21

Gaur bezalako egun batean jaio zen 1919an euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala. Resurreccion Maria Azkue, Arturo Kanpion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo izan ziren lehen 4 euskaltzainak.

1919ko irailaren 21ean sortu zen Euskaltzaindia. Gaur betetzen dira, beraz, 90 urte euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala jaio zela. Egun horretan Gipuzkoako Foru Aldundian egindako batzarrean abiatu zen erakundea, aurrez izendatutako lau euskaltzainekin: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Kanpion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo. Egun horretako bileran, hasierako beste zortzi euskaltzainak aukeratu ziren: Txomin Agirre, Pierre Broussain, Jean Blaise Adema, Ramon Intzagarai, José de Agerre, Juan Bautista Eguzkitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande.

2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. Joan den urteko urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin hasiera eman zion Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste hiru ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak: Gasteizen -Arabako Foru Aldundian-, Ipar Euskal Herrian -Hazparneko Elgar Kultura Etxean-, eta Bilbon -Akademiaren egoitzan-.

Uztailaren 17an Bilbon egin zuten ekitaldiaren ostean, datorren urrian egingo du Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna, Donostian. Bi egunetan egingo da azken ospakizun hau: urriaren 8an emanaldi artisktiko bat egingo da, Kursaalen, eta urriaren 9an ekitaldi instituzional bat burutuko, Gipuzkoako Foru Aldundian. Akademia hor elkartuko da agintari publiko eta gizartearen eta euskalgintzaren ordezkariekin.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa