Kultura

Kultura

25 profesionalen eskutik

Martxan da 'Gidoi Faktoria', gidoia lantzeko ikastaro integrala

Erredakzioa

2009/11/06

Berrogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte hautaketa prozesuan eta bertatik ikastaroan parte hartuko duten 20 lagun hautatu dira. ETB 4. platoan egingo da ikastaroa.

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk gaur inauguratu dute ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ prestakuntza programa. Egitasmoaren helburua ikus-entzunezkoen produkzioan lan egiteko aukera izango duten gidoilari adituak prestatzea da, arlo horretan gaur egun telebistaren merkatuan dagoen hutsunea betetzeko.

Uztailean, jardunaldi irekiak egin zituzten EiTBko Multibox aretoan prestakuntza programaren xehetasunen berri emateko. Hautaketa prozesua sektoreko profesional talde batek egin zuen uztailean eta irailean, eta bertan berrogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte.

Prozesu amaieran 18 eta 45 urte bitarteko 20 pertsona hautatu zituzten. Gehienak Bizkaikoak dira, baina badira beste bi lurralde historikoetako eta Kantabria nahiz Nafarroako pertsonak ere. Ikasle horiek izango dira prestakuntza berezituko ikastaroa egingo duten lehenak eta hura amaitzean ‘gidoilari adituak’ titulua jasoko dute. Proposamen berritzailea izateaz gain, Gidoi Faktoria gidoia ardatz duen Estatuko lehen prestakuntza programa osoa eta integrala ere bada.

Profesional entzutetsuak

Madalen Bermeosolo, EiTBko Prestakuntzako arduraduna, izango da Gidoi Faktoriako buru eta harekin batera 25 irakaslek lan egingo dute; horiek gidoiaren eremu guztietan izen ona duten eta zinemako, telebista telesailetako, entretenimendu programetako, dokumentaletako, reality programetako eta abarretako dozenaka proiektutan parte hartu duten profesionalak dira.

Gidoi Faktoriako irakasleak izango dira, besteak beste: Michel Gaztambide (Yoyes, La Caja 507...), Txemi Parra (Aguila Roja, 7 vidas, El internado, El comisario…), Asier Aizpuru (Amar en tiempos revueltos), Virginia Yague (La señora), Pedro Fuentes (Goenkale...), Nacho Velilla (Aída, Médico de Familia…), Diego San José (Pagafantas), Roberto Ontiveros (GH) edo Carolina Cubillo (Callejeros) IKUS ERANSKINA.

Prestakuntza programa EiTBk Bilbon duen egoitza berriko 4. Platoan emango da. Lau modulu independente izango ditu, eta, guztira, 350 eskola ordu emango dira. Bereziki, gidoilari orok ezagutu beharreko trebakuntzak eta gaitasunak landuko dira. Zentzu horretan, parte-hartzaileek sakon aztertuko eta ezagutuko dituzte telebista, gidoiaren oinarriak eta tresnak, eta horiek fikzioan, entretenimenduan eta beste genero batzuetan aplikatzeko modua.

Gidoilari aditua

Gainera, ikasleek amaierako proiektu bat egin beharko dute eta Gidoi Faktoriarekin elkarlanean aritzen den produkzio enpresaren batean praktikak egiteko aukera ere izango dute (250 ordu, gutxi gorabehera); une oro jasoko dute tutorearen laguntza. Programa osoa amaitzean, Eikenek eta EiTBk ''Gidoilari aditua'' titulua emango diete ikasleei.

Eiken – Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterreko enpresa hauek lagundu dute Gidoi Faktoria prestakuntza programa diseinatzen: Pausoka, 3 Koma, K 2000, Baleuko, Irusoin eta Orio Produkzioak.

Prestakuntza programarekin batera, iraupen laburreko (10-15 ordu) bost ikastaro edo tailer monografiko ere antolatuko dituzte, eta horietan profesional orok parte hartu ahal izango du. Halaber, ekimen horren testuinguruan, Eikenek eta EiTBk gidoigintzarekin zerikusia duten gaiei buruzko hitzaldiak, jardunaldiak eta saioak egitea aurreikusi dute; sektoreko profesional garrantzitsuenek parte hartuko dute haietan.
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa