Kultura

Kultura

Liburua, CD eta DVDa

Txalaparta doinuak Azokan

Esti Arzuaga

2009/12/07

Juan Mari Beltranen azken lanaren aurkezpena egin dute Durangon goizean goiz. Ohiko makilekin aritzeaz gain, bada musika sortzeko beste modurik ere txalaparta munduan.

Igande goiza aurrerantza doa. Egunero bezala 10:30ean ireki dituzte Durangoko Liburu eta Disko Azokaren Landako Erakustazokako ateak, baina gaurkoan txalaparta doinuek alaitu dute Azoka lehen ordu hauetan. Aurkezpen aretoan Juan Mari Beltranen azken liburua izan da mintzagai eta antzungai: Txalaparta lana. Lan-talde handi batek lagunduta, txalapartari buruzko lan konplexua burutu berri du Juan Mari Beltranek. Disko-liburu-DVD formatoan kaleratu da eta Nestor Basterretxea, Simon Goikoetxea edo Imanol Olaizola artisten testigantzak bildu dituzte bertan, 60ko hamarkadan txalapartaren berpizkundea bizi izan zuten beste artista euskaldun batzuekin batera.

Txalaparta jotzen hasi dute aurkezpena eta jendetza bildu da aurkezpen aretoaren inguruan makilen eta egurraren soinuei jarraituz. Laneren nondik-norakoak azaldu dituzte, eta orain gutxi arte ezkutuen egon den soinu-tresna honek azken aldian euskal kulturan izan duen zabalkuntza azpimarratu dute. Aurkezpena bukatzeko ohiko makilak albo batera utzi eta edalontziak erabili dituzte musika sortzeko. Jendeak ezustean eta txalo artean hartu du azken emanaldia hau.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa