telebista

telebista

"Go!azen"en aurretik

Izarren dizdira, ostiraleko "Bi Errepidean"

A.A.

2009/12/24

Itsaso Paya "Go!azen"eko aktorearekin Getxo aldean inguruko gaztetxoen artean euskera bultzatzeko asmoz bertako euskera elkarteak antolatutako ekimenaren berri emango dute.

Izar berrien bila arituko dira aste honetako "Bi Errepidean" saioan, etxeko txikienen artean etorkizuneko izarra zein izango den asmatuz. Horretarako, aurpegi ezagun baten laguntza izango dute: Itsaso Paya "Go!azen"eko aktorea.

Egungo gaztetxoek famatu izan nahi dute, ezagun. Telebistako aktoreak eta kantariak miresten dituzte. Haien tokia betetzearekin egiten dute amets maiz. Izarrak izan nahi dute. Getxo aldean, inguruko gaztetxoen artean euskera bultzatzeko asmoz, bertako euskera elkarteak Izarren dizdira izeneko ekimena jarri du abian. Artisten arteko lehia da. Kasting gogor bat egin behar izan dute final handira iristeko. Batzuk dantzan, besteak kantuan, bakarrizketak egiten... norberak duen talentua taularatzea, horixe asmoa. Proba garrantzitsu honetara lagundu dituzte Negar Tantak izeneko taldeko kideak. San Nikolas ikastolako ikasleak dira denak, eta piano eta kitarren laguntzaz kantu ederra prestatu dute epaileei gustatuko zaielakoan.

Epaileen artean gure ikuslerik gazteenei oso ezagun egingo zaien lagun bat bada: Itsaso Paya, Payatarretan gazteena. Xabi eta Fredi anaien antzera, hau ere bertsolari, baina baita aktore. "Go!azen" telesailean Gotzoneren papera egiten du berak. ETBko telesailean horixe gertatzen zaio Itsasori, inork espero ez badu ere berak protagonista izan nahi du eta pixkanaka pixkanaka lortu du lotsak alde batera utzi eta berak ere bere tartea izatea. Telesaila hastearekin batera ezagun izaten hasi da Itsaso eta, beraz, ospeak baten bizimodua nola aldatzen duen azalduko du Itsasok. Anai bertsolariekin ere elkartuko dira. Itsasok bertso eskolak ematen ditu Algortako ikastolan eta oraingoan Xabi anaiak lagunduko du. Kastingaren egunean ere bere alboan izango dira, epaile lana nola egiten duen ikusteko. Orain arte beste aldean egotea egokitu izan zaio, bera epaitu izan dute, orain, izar bihurtuta, bera epaile.

Musika, ilusioa, ikuskizuna... berezia, inondik inora, Eguberri eguneko saioa. "Go!azen"telesaileko azken atalaren aurretik, saio horretako aurpegi ezagunenetako bat "Bi Errepidean". Ostiral honetan, gaueko 21:00etan, ETB-1en.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa