telebista

telebista

Ostiralean

Aristerrazuko erromeria, "Bi Errepidean"

A.A.

2010/02/05

Aia dantzan izeneko erreportajean, bi dantza mota jarriko dituzte aurrez aurre: erromeria eta dantza garaikidea.

Dantzan arituko dira aste honetako "Bi Errepidean" saioan. Aristerrazuko erromeri ezagunean arituko dira batetik eta Eneko Balerdi dantzariarekin bestetik.

Garai batean ohikoak ziren asteroko erromeriak Euskal Herrian. Egun, aldiz, Aristerrazukoa baino ez da geratzen. Udako jaietaz aparte, oso aukera gutxi dute dantzazaleek. Aian, ordea, eutsi diote ohiturari. Aristerrazuko ostatuko arduradunek astero astero trikitilari taldetxo bat ekarri eta festa jartzen dute hantxe. Astero astero hutsik egin gabe joaten diren zaletuetako bat da Pilar Osa zarauztarra. Senarrarekin batera, hantxe izaten da astero astero, hutsik egin gabe. Lagun kuadrilarekin elkartzen dira bertan gainera eta, lehen piezatik azkenekoraino, geratu gabe aritzen dira dantza eta dantza. Urte mordoxka bat da Aristerrazura joaten direla eta ederki aski daki Pilarrek erromeria horren berri.

Beste aiar bat ere izango dute saioko protagonista. Eneko Balerdi. Txikitan Aristerrazun makina bat dantza egindakoa da. Baina gero, fandangoa eta arin-arina utzi eta dantza garaikidean ari da buru belarri. Euskal Herritik kanpora ibili da azken urteetan, Londonen bereziki, baina duela urte pare bat etxera itzuli da. Dantza eskolak ematen aritzen da Bilbon batetik eta berezko koreografiak sortzen bestetik. Azken aldian pilotaren ingurukoak izan dira bere lanak. Ikasleekin zer nola moldatzen den erakusteaz gain, dantza emanaldi berezi horietako batera ere lagunduko dute Balerdi.

Bi estilo, bi dantza mota, aurrez aurre, herrian bertan elkartuta, Aia dantzan, ostiral honetan, 20:50ean. Eta gogoz geratzen direnentzat, dantzan aritzeko bigarren aukera igande gauean, 21:30ean, ETB-1en.


Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa