telebista

telebista

Bertsolaritza saioa

Erniarraitz sariketa eta Eibarko bertso bazkaria "HH" saioan

A.A.

2010/03/17

Larunbatean Lesakan jokatuko den Nafarroako Txapelketako finalerako gonbitea finalistek eurek egingo dute.

Bertsolari gazteak izango dira protagonista aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan. Erniarraitz sariketako finalean aritu direnak hain juxtu: Unai Gaztelumendi, Alaia Martin, Beñat Iguaran, Asier Azpiroz, Nekane Zinkunegi eta Maialen Velarde. Azpeitiko gaztetxea mukuru beteta zela saio ederra egin zuten. Saioa hasi aurretik eta amaitu ostean kontatu zituzten euren sentipenak "Hitzetik Hortzera" saioaren kameren aurrean.

Amets Arzallus eta Sebastian Lizasori boikota egin zieten mikrofonoek Eibarren, Arrate Kultur Elkarteak antolatutako bertso bazkarian. Oztopoa bera gai hartu eta ederto batean erakutsi zuten edozein egoerari buelta emateko kapaz direla, publikoa zutik jarri zuten saio amaieran.

Julen Zelaietak, Arkaitz Goikoetxeak, Xabier Legarretak, Oskar Estangak, Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek, Estitxu Arozenak eta Julio Sotok jokatuko dute, datorren larunbatean Lesakan, Nafarroako Txapelketako finala. Bertso korala kantatuz festa egun horretarako gonbidapena egin dute finalistek eurek.

Saioaren beste ohiko ataletan ere bada mamirik: Belfasteko bertso dinner-era joateko "Hitzetik Hortzera"k antolatutako lehiaketara iritsi baitira aurreneko bertsoak. Bertsozale batek Itziarreko Gazte Egunean punki batzuek egindako kopla saioa grabatu eta bidali die "Hitzetik Hortzera"koei eta jasotako bideoen atalean erakutsiko dute. Zuri-beltzekoan, ostera, 1973an Gabirin Mattinek kukurruku egin zuenekoa. Bertso bitxiak Ahetzeko artistarenak, eta gai jartzailea ere bitxia: Iñaki Murua aritu baitzen lan horretan artean 17 urte baino ez zituela. Egun hartako detaileak kontatu ditu Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

"Hitzetik Hortzera" ostegun honetan ikusgai izango da gaueko 22:00etatik aurrera ETB-3n, igandean bazkalostean ETB-1en eta noiznahi www.eitb.com-en.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa