telebista

telebista

XVI. denboraldia

"Goenkale"k 3.000. atala grabatu du

EITB

2010/04/30

3.000. atala datorren uztailaren 5ean emango da ETB-1en eta ordura arte modu bereziz ospatuko du telesailak urtemuga berezia.

Ostiral honetan, apirilaren 30ean, “Goenkale” telesailak 3.000. atala grabatu du. Urtemuga berezia izaki, grabaketak hainbat berezitasun izan ditu: telesailaren jarraitzaileek streaming bidez ikusteko aukera izan dute estreinatu berri den webgunean eta hainbat komunikabide ere Miramonera hurbildu dira ekoizpen lana bertatik bertara ezagutzeko.

Goizeko 08:30ean hasi da 3.000. atalaren grabazioaren emankizuna, telesaileko aktoreak Miramonera iritsi diren unean, alegia. Grabazio egun baten gorabehera guztiak erakutsi nahi izan dituzte eta horrexegatik 14:45ak arte lan nola egiten den ikusteko aukera izan da. Horretaz gain, telesaileko aktoreek Facebook eta Twitter bidez (#goenkale) egindako galderak erantzun dituzte goizean zehar.

Ostiral honetakoa abiapuntua besterik ez da izan. Urtemugaren aitzakian, 16. denboraldia amaitu bitartean hainbat ekimen burutuko dira: apustu edo desafio bereziren bat, lehiaketak eta festa handi bat, ekainaren 29an, Bilboko egoitzako Multibox gelan, uztailaren 5ean emitituko den atalaren aurrestreinaldia izango dena.

Bestalde, webgune berria estreinatu du “Goenkale”k. Besteak beste, telesailaren lehen atala zintzilikatu dute eta arrakasta handia izaten ari da. Lehiaketa bat ere topa daiteke web gune berrian: argazkian agertzen den telesaileko pertsonaia nor den asmatu behar da. Asmatzen duten guztien artean ekainaren 29an EITBren Bilboko egoitzan ospatuko den 3.000 atalaren aurre-estreinaldira gonbidapenak zozketatuko dituzte. Horrez gainera, web gunean astelehen eta asterteko "Goenkale"ko atalak zuzen-zuzenean streaming bidez ikusteko aukera eskaintzen du.

Telesail beteranoena

Euskal Telebistarentzat Pausokak ekoiztutako telesailak 1994ko urriaren 3an ekin zion bideari. Erronka handia izan zen ETBrentzat proiektu hau martxan jartzea, eguneroko fikziozko telesaila egitea hain zuzen ere, garai hartan Espainiako Estatuan ez baitzegoen horrelakorik. Drama, komedia eta intriga nahasketa da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Ikus-entzule leihalek zintzo jarraitzen diote urtez urte "Goenkale"ren istorioei.


Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da "Goenkale" telesaila. Urte hauetan guztietan 400dik gora aktorek hartu du parte bertan, eta gizarte eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: sukaldariak, kirolariak, telebista aurkezleak, musikariak, idazleak, bertsolariak... Azkenak Irujo eta Beroiz pilotariak, Edune Pasaban mendizalea eta Ainhoa Cantalapiedra musikaria izan dira.

2007an ATV Telebista Zientzien eta Arteen Akademiak, bere hamargarren urteurreneko galan, Bizitza Luzeenaren Sariarekin gailendu zuen "Goenkale". Telebistaren historiako fikziozko telesail luzeena eta hamarkada horretan Euskal Telebistako saiorik nabarmenena zela nabarmendu zuen ATVk. Halaber, 2003an Mañe i Flaquer Kazetaritza sariak emandako aipamen berezia lortu zuen Tarragonako Torredembarra herrian, kulturaren esparruan egindako lanagatik.

Telesaila Euskal Telebistaren Miramongo estudioetan eta Tolosako kaleetan grabatzen da.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa