telebista

telebista

Gazteak 20 urte

Limp Bizkiten kontzertuarekin ospatuko du Gazteak bere 20. urteurrena

EITB

2010/08/09

Astelehen honetan aurkeztu dute prentsaurrekoan irailaren 11n Bilbon emango den Limp Bizkiten kontzertua

Limp Bizkit talde amerikarrak Estatuan egingo duen bira musikala luzatu eta hirugarren kontzertu bat eskeiniko du Bilbon. Madrilen, irailaren 12an eta Bartzelonan irailaren 16an ospatuko diren kontzetuei beste hirugarren bat gehituko zaio, irailaren 11n Bilboko Santana 27 aretoan ospatuko dena, alegia. Kontzertuak gainera, Gaztea irrati musikalaren 20.urteurrena ospatzeko balioko du. Irratiak 1990.urtean hasi zituen bere lehenengo emisioak Euskadi Gaztea izenarekin, eta publiko gazteari zuzendutako irrati moduan sortu zen EITB Komunikazio taldearen barruan. Hogei urteren ostean, garapen etengabean dagoen erreferentziazko irratia izaten jarraitzen du Gazteak.

Beste aldetik, Limp Bizkit taldea, 1994ean jaio zen Jacksonvillen, Floridan. Taldearen lehenengo diskoa, platino bikoitza izatera heldu zen, milio eta erdi kopia saldu ondoren. Hortik aurrera, taldearen arrakastak hazi baino ez zuen egin.

Bigarren diskoak, Significant Other, lau milio ale saldu zituen baina nazioartean lortutako benetako arrakasta, 2000. urtean heldu zen ''Chocolate Starfish and the Hotdog Flavored Water'' diskoarekin. Lan honek, ‘Misión imposible II’ filmearen Take a look around abesti ospetsua biltzen du eta lehengo postua lortu zuen Estatu Batuetan eta Kanadan, aste bakar batean milioi bat kopia salduz.

Garai honetan musika jaialdierako karteletan nagusi zen Limp Bizkit eta Rammstein edo Korn bezalako taldeak laguntzen zituen mundu biretan. Eta laster polemika izango zuten bidelagun. Oso ezagunak dira, besteak beste, taldeak Trent Reznor, Nine Inch Nails taldeko kidearekin edota Slipknot, Eminem eta Iron Maideneko Bruce Dickinsonekin izandako liskarrak.

2001ean Wes Borland, taldeko gitarjolea, Limp Bizkit utzi zuen eta musika-taldeak disko berri bat atera zuen, baino ez zuten kritika ezta publikoaren esker ona lortu. 2004ean Borland taldera itzuli zen eta taldekieek ''The Unquestionable Truth (Part 1)'' EP formatuko diskoa grabatu zuten elkarrekin. Baina 2006an taldea desegin zen eta Borlanek beste talde paralelo batzuk sortu zituen, horien artean, From First To Last taldea eta beste musikari batzukin jotzen hasi zen, Marilyn Mansonekin, besteak beste.

Baina iaz, taldeko jatorrizko kideek musikaren bideari ekin zioten berriro ere elkarrekin eta 2010en ‘Gold Cobra’ diska publikatuko dute, azken zazpi urteotan Limp Bizkit taldeko kide originalek elkarrekin grabatzen duten lehenengo diskoa. Limp Bizkit bere errautsetatik berpiztu egin da eta irailean bere lan berria aurkeztuko du Madril, Bartzelona eta Bilbon. Talde gonbidatu moduan, The Blackout talde galestarrak emango die hasiera kontzertuei.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa