telebista

telebista

Lortu du errekorra!

Munduko hanburgesarik handiena prestatzea lortu du David de Jorgek

EITB

2011/06/20

Hanburgesaren neurriak honako hauek izan dira: 5 metro luze, 3 metro zabal, 400 kiloko pisua eta 2,5 zentimetroko lodiera. Guztira, 4.000 anoa inguru banatu dituzte.

David de Jorge sukaldariak bete du bere ametsa eta munduko hanburgesarik handiena prestatzea lortu du gaur Bilbon, Alde Zaharreko Areatzako Pasealekuan, hain zuzen ere. Estalperik gabeko sukalde erraldoi bihurtu da gaur eta guztiz bete da jendez.

Hanburgesaren neurriak izugarriak izan dira: 15 metroko azalera, 400 kiloko pisua eta 2,5 zentimetroko lodiera. Haragia Kalitatea Fundazioko Euskal Okelak ipini du. Areatzara Urkaiko kooperatibaren hiltegi homologatutik kamioi hozkailu batek ekarri du hutsean ontziratuta eta modu egokian apailatuta. Guztira, 4.000 anoa inguru atera dituzte. Anoak ogi puska banarekin saldu dituzte euro baten truke. Ateratako diru guztia Caritas Bizkaiarentzat izango da. Erakunde horren boluntarioek prestatu eta banatu dituzte anoak.

Hanburgesa erraldoia egitea ez da zeregin erraza izan. Esaterako, haragia behar den moduan prestatzeko neurrirako eginda parrilla herdoilgaitza eraiki dute. Azpian txasis jasogailu bat ipini diote, txingarrak pizteko zorua ez ukitzeko. Parrilla Areatzaraino eramateko kamio bat erabili dute eta, okela bi aldeetatik ongi egin zedin, bira emateko garabi-beso bat behar izan dute.

Zazpi Kaleetako Elkartea elkarlanean aritu da sukaldariarekin. Horrez gain, beste hainbat laguntzaile izan ditu ekimenak. Kalitatea Fundazioak 400 kilo Euskal Okela ipini ditu eta Caritas Bizkaia anoen banaketaz arduratu da. Amstelek garagardoa oparitu du edateko eta Arabako Errioxako Lapuebla de Labarca herriak, berriz, urteko ardoa ekarri du. ETBk ere parte hartu du gaurko jardueran.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa