telebista

telebista

EITB Kultura gaua

Kukubiltxo talde ezagunaren historiari errepasoa emango diote "EITB Kultura gaua" saioan

Leire Etxazarra

2009/02/13

Taldearen sorrera, bilakaera eta etorkizunerako asmoak ezagutuko ditugu ETB-3ko saioan

1977 urtean Bilbon Nazioarteko Titere jaialdi eratu berrira hurbildutako gazte batzuek, etxerako bidean, ikusitakoaren ordaineko zerbait sortu behar zutela pentsatu zuten baina, hori bai, euskaraz. Eta egun batzuk pasata, Toti eta Alberto bikotearen etxeko ganbaran elkartu ziren. Lourdes Iriondoren kassette bat oinarri hartu eta hantxe antzeztu zuten aurrenekoz Txanogorritxu ipuinaren bertsio oso bat. Huraxe izan zen, oharkabean izan bazen ere, Kukubiltxo taldearen aurreneko urratsa. Bizkaiko Larrabetzu udalerrian.

Berehala hasi ziren herriz herri. Herri kulturaren gunea kalea zen, eta horretarako hainbat emanaldi sortu zituzten. Ahalegin bakoitzak eskatzen zuena sormen eta lanarekin gauzatzen zuten, egin ahala, ofizioa hartzen. Ikasten joan ziren Kukubiltxokoak.

Bidea, ordea, ez dute bakarrik egin. Aurreneko lagun taldea alboan izan arren, aurki egin zuten topo lagun eta lankide berriekin. Erramun Landa eta batipat Oskorri aipatuko ditugu. Musikari bilbotarrekin gainera ahaztu ezinezko hainbat lan egin dute: Mari Jan kanta zan, Doremi doktorea, etabar.

Orain bide berri bati ekin diote, helduentzat propio sortu baitute aurki gure antzokietan ikusi ahal izango dugun Haritzaren azalera zehatza.

"EITB Kultura Gaua"k lan berri honen xehetasunak eskaintzeaz gain, gonbite bat egin nahi du: atzera begiratu eta antzerki talde honen historia errepasatzeaz gain bidaide berriak ezagutuko ditugu, ostiral honetan, 21:30etatik aurrera, ETB-3n.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa