Euskararekin%20jolas%20egiteko%20saioa%20%20|%20EITB%20Mihiluze

#-mihiluze-#

Zer da 'Mihiluze'?

Kike Amonarriz ta Ilaski Serranok aurkezten dute saio arrakastatsua.

'Mihiluze' euskararen inguruko lehiaketa bat da, erritmo bizia, umorea, ezagupenak eta zortea nahasten dituena. Eta bertara lehiakide nahiz ikusle mihiluzeak biltzen dira. Zeintzuk dira ordea 'Mihiluzeen tribua' osatzen dutenak? Bada, hizkuntzarekin gozatzen duten pertsona umoretsuak, euskara maite duten mundu guztiko herritarrak edo hizkuntz jolasak eta jokoak maite dituztenak, esate baterako.

Jokoa hiru bikoterekin abiatzen da. Lehen fasea, 'Katea' probarekin hasten dugu; kultura orokorrari buruzko galderetan oinarrituta eta ondoren, 'Tribuaren berbekin' jolasten dugu, alegia, euskarak duen argotarekin, hitz ez horren ezagunekin edo deigarriak direnekin.

Eta ondoren, 'Bosketara' iristen gara. Une berezia, hiru bikoteetako batek Mihiluze betirako utziko baitu. Puntu gutxien dituen taldeak, berak egin nahi duen proba hautatzen du eta beste bi taldeei proba bana ematen die. Hona hemen, bost aukerak:

- 'Imihintzioka': Imintzio bidez hiru kontzeptu asmarazi behar dizkio lehiakide batek besteari.

- 'Eroglifikoak': Erantzuna osatzen duten zeinu eta irudi multzoak dira. 3 dira asmatu beharreko kontzeptuak.

- 'Marrazkia': Marrazki bidez asmatu behar dira hiru kontzeptuak.

- 'Gurpila': 3 letrako multzoa ematen da. Lehiakideek 6 hizkiko hitzak osatu behar dituzte, beste 3 letra orden eta kokapen egokian jarriz.

- 'Potokumeak': Bertso bat jartzen da entzungai. Bertsolariak erabilitako azken 3 oinak asmatu behar ditu lehiakideak.

'Bosketa' amaitu eta bikote bat agurtu ondoren, irriari eta umoreari tarte bat zabaltzen diogu: 'Zazpikiak'. Tarte honetan, itzulpen okerrak, hitz jolasak edo hizkuntzaren inguruko bitxikeriak biltzen dira.

Gelditu diren bi taldeek 'Esamesak' probara iritsiko dira. Proba honek hiru zati ditu: apustua, anabasa eta esames modura azalduko diren arrastoak. Kontzeptu ezkutua asmatu ala ez, jokatutako puntuak irabazi ala galdu egingo dira eta bi bikoteetako batek lehia utziko du hurrengo eguna arte.

'Zer da zer?' finaleko proban oso gai desberdinen inguruko ezagupenak neurtu beharko dituzte lehiakideek eta 7 kontzeptu eremu egokietan banatu Zakua irabaztekotan.

Dagoeneko 2.000 lehiakide inguruk hartu dute parte 'Mihiluze'n. Zeren zain zaudete?

Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa