Rochester-Minnesota.- Gaur hasiko da Rochester-Minnesotako (AEB) Olmsted County Fairgroundseko zelaietan Munduko Sokatira Txapelketa eta, bertan, Euskal Herritik gizonezkoen hiru taldek hartuko dute parte. Gaurkoan, 560 pisuan, bizkaitarrak ariko dira (Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi A eta B) eta 680an, gipuzkoarrak (Mutriku), baina bihar denak neurtuko dira 640 kilotan.
Hiru euskal taldeen artean Mutriku da nazioartean arituena, gipuzkoarrak orain dela 32 urte hasi ziren-eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzen. Hala ere, badirudi laukiztarrek izan dezaketela dominaren bat irabazteko aukerarik gehien, batez ere 560ko pisuan, nahiz eta iaz, pisu horretan, emaitzarik onena Goiherrik lortu zuen.