

Durangoko Plateruena kafe antzokian gaueko 22:00etatik aurrera izango diren kontzertuek osatuko dute aste honetako 'Gaztea Live' saioaren ardatza. Eitb.com berriko Gaztea atarian zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dira Kerobia, Zea Mays eta Desordutan taldeen kontzertuak eta, igandean berriz, ETB3n izango da emanaldi horiek ikusteko aukera 23:00etatik aurrera.
`Argia Kontzertua´ ekimenaren baitan arituko dira 3 talde euskaldunak. Kerobia talde iruindarrak Materia Organikoa eta Gainerakoak disko berriko kantuak joko ditu zuzenean. Zea Mays laukote bilbotarrak Morphina laneko doinuak aurkeztuko ditu eta Desordutan talde tolosarrak, berriz, Desordutan estreinako diskoko kantuak ezagutaraziko ditu.