Elhuyar Fundazioak Armix Ilargian Galduta izeneko bideo-jokoa atera berri du. 7-10 urteko haurrentzat sortutako bideo-joko hau bilduma bateko bigarren CD-ROMa da. Armix pertsonaiaren larruan jarrita, jokalariak, matematika, inguruaren ezaguera eta hizkuntza bezalako gaiak landuko ditu hainbat jolas ezberdinen bidez. Teknologiari dagokionez, hiru dimentsioko irudiez gain, jolasteko ere 3D-ko ingurunea izango du jokalariak.
Armixi, Ilargira iritsi bezain laster, kohetea ostu egin diotela jabetuko da. Jokoa pertsonaiari, Lurrera bueltatu ahal izateko, bere kohetea aurkitu eta berreskuratzen laguntzean datza. Abentura zirraragarri horretan hamaika munstrori egin beharko die aurre. Jolasaren jardunean hainbat galderari ere ongi erantzun beharko die, jokoan aurrera egin nahi badute bederen.
Elhuyar Fundaziotik adierazi dutenez, joko berri honen demoa www.elhuyar.org/armix2 webgunean aurki daiteke. Horrez gain, webgune berean, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere badaude.
Elhuyar Fundazioak duela bi urte ekin zion euskarazko bideo-jokoen ekoizpenari. Lehenengo bideo-jokoa aisialdira zuzendutako lokalizazio bat izan zen, Hiru Mosketariak izenekoa. 2007an, Fundazioak beste lokalizazio bat eta sorkuntzako bi bideo-joko kaleratu zituen, Kao: Sumendiko Sekretua eta Armix Baso Magikoan, hain zuzen.









