
Michael Jacksonen gorpua Neverlandera eramango dute bihar goizean, AEBetako komunikabideek jakinarazitakoaren arabera. Poparen Erregearen zaleek bertara jo ahal izango dute ostiralean artistari azken agurra ematera, guztientzat zabalik egongo den hileta egingo baitute.
CNN telebista katearen arabera, hileta pribatua igandean egingo dute.
Ostiraleko hiletarako, 30 auto joango dira iladan Los Angelestik Los Olivos inguruan dagoen Neverland etxaldera (Los Angelestik 2 ordu eta erdira). Hainbat iturriren arabera, ibilbide horretan hartu beharreko segurtasun neurrien eta egin beharreko polizia antolamenduaren gaineko eztabaidan dabiltza agintariak.
Neverland 1.300 hektareako etxaldea da eta Jacksonek Peter Pan liburutik atera zuen izena. Liburuan agertzen den uhartea da Neverland (gaztelaniaz, "País de Nunca Jamás") eta han haurrak ez dira sekula hazten. Estilo europarreko eraikin nagusia eta gonbidatuen etxea, jolas-parke bat, zoologikoa eta Peter Pan liburuko pertsonaien estatuak daude etxaldean.
2008an enkantean atera zuten musikariak zor ugari zituelako. Colony Capital inbertsio konpainiak Neverlanden hipoteka bere gain hartu zuen, Tohme Tohmek, Jacksonen ordezkari ohi eta lagunak bertan egiten zuelako lan. 24,5 milioi dolarrekoa zen garai hartan hipoteka.
Hil-kaperaren lekua zein izango den zehaztuta badago ere, oraindik ez dago argi artistaren gorpua non lurperatuko duten.
Bestalde, Garyko (Indiana), Jacksonen jaioterriko agintariek familiari eskatu diote gorpua hara bidaltzeko, uztailaren 10ean ohorezko hileta bat egin nahi baitiote bertan eta gorpua han izanda hark "merezi zuen moduko oroipenezko ospakizuna" egin nahi baitiote, Rudy Clayk, Garyko alkateak, adierazitakoaren arabera.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:







