
Bigarren hitzordua dauka gaur U2 taldeak Bartzelonan. Asteartean emandako kontzertu arrakastatsuan 90.000 pertsona bildu zituen talde irlandarrak eta beste hainbeste izango dira gaur Nou Campen. Agertoki galaktiko eta ikusgarrian taularatuko ditu laukote dublindarrak No Line On The Horizon disko berriko kantuak eta abesti klasikoak. Taldeak sekula egin duen birarik garestiena da "360º" izenekoa, 70 milioi euroko kostua baitauka. Eta dirutza horren inbertsioa nabaritzen da muntaketa guztian. Gainera, bigarren kontzertu honetan ere Snow Patrol talde eskoziarrak egingo ditu irlandarren kontzertuaren atarikoak.
Astearteko kontzerturako 17:00etan ireki zituzten ateak eta gaur ere hori izango omen da irekiera ordua. Jende ugarik ia 30 ordu igaro zituen eguzkitan Bono, Adam Clayton, The Edge eta Larry Mullen Jr. ikusteko leku ona hartzeko. Kontzertuan, musikaz gain, ikus-entzunezkoak, elkartasuna (beti bezala, Bonok bere alderik solidarioena erakutsi zuen eta Afrikako goseari aurre egiteko daukan ekimenak leku nabarmena izan zuen) eta futbolari buruzko aipamenak (Bonok Barçako elastikoa jantzi zuen) izan ziren. Gaurkoan ere elementu berak izango direla espero da.
Gaur Bartzelonan aritu ostean, U2 Milanen, Amsterdamen, Parisen, Nizan, Dublinen, Londresen eta Cardiffen arituko da eta, ondoren, AEBetara eta kanadara joko du.
Bideoklip berrirako, zaleen laguntza behar du laukoteak
U2 taldearen hirugarren singlea "I'll go crazy if I don't go crazy tonight" izango da eta taldea abesti horren bideoklipa prestatzen ari da. Horretarako, laukoteak zaleen laguntza eskatu du. Etxean, lagunekin, grabazio bat egiteko (5 minutuko iraupenekoa gehienez) eskatu diete eta hori taldearen webgune ofizialean igotzeko. Jasotako materialarekin bideoklip berrian erabiliko dute.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:










