
Gazteak Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatzen duen Maketa Lehiaketak badu irabazlea: Laintaldearen `Aukera berri bat´ kantua.
Entzuleen artean bozkatuena izan den kantua berriz, metal rocka egiten duen Averno taldearen ingelesezko `Sell´ kantua izan da; 2000 euroko saria eraman du.
316 kanturen arteko lehia izan da. Epaimahaiak 30 single hautatu zituen aurretiko aukeraketa batean. Askotariko estiloak eta kalitatea azpimarratu ditu epaimahaiak eta bere ustetan, Lain taldearen kantua da Gaztearen Maketa Lehiaketako saria merezi duena.
Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze neska gazteek osatzen dute Lain taldea. Euskaraz kantatutako gaia erraza eta xaloa da eta bi ahotsetara grabatuta dago. Sinplea bai, baina, gaztea, freskoa eta gaztetasuna eta indarra transmititzen dituen
kantua da.
Bestalde, epaimahaiak ez du aipatu gabe utzi nahi Girls ´N Blue taldea. Ingelesez kantatzen dute kantua, pianoa eta akustikoaren laguntzaz. Jazz ukitu arina eta bi ahots zoragarri ditu, bata Azkoitikoa, bestea Iruñekoa. Epaimahaiaren iritziz, `Nevermind´ kantuak aipamen berezia merezi izan du eta beraz, 600 euroko saria eraman du.
Euskal Herriko musika munduan oihartzun handia du Gazteak Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz antolatzen duen Maketa Lehiaketak, eta ohikoa izaten da irabazleek diskoetxe batekin kontratua sinatzea. Halaxe izan da, besteak beste, EH Sukarra, Sorotan Bele, Pilt, Zea Mays, Seiurte, Kerobia eta Kauta taldeen kasuan.
Boto-kontaketa nola gelditu den jakin nahi baduzu, egin klik hemen.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: