
Gaur, otsailak 19, hasi da Bilboko Udalak nerabeei zuzendutako Harrapazank programaren IV.edizioa. Aurten, besteak beste, musika eta dantza izango dira egitarauren ardatz nagusiak. Hain zuzen ere, Jozank ekimena, Dantzazank lehiaketa eta Mihiluze saio berezia egongo dira Bilborocken. Horretaz gain, Kauta eta Sugan talde gazteek disko berriak aurkeztuko dituzte zuzenean.
Gazteen gustuak hurbiletik ezagutu eta, parte hartzearen bidez, euskara sustatzea da egitasmo arrakastatsu honen helburu nagusienetakoa.
Harrapazank, 12 eta 18 urte bitarteko Bilboko gazteei zuzendutako Kultur-ekimena da, aisia eta kultura uztartzen dituena. Euskarazko kultur- eskaintza zabala, puntakoa, aberatsa, orekatua eta hurbila eskaintzen saiatzen da, gazteen nahi, gustu, behar eta interesak kontutan izanik.
Aurtengo nobedadeen artean Jozank egitasmoa aipatu behar da, musika zaletasuna oinarri duen ekimen berritzailea. Jozank ekimenak topaketak, kontzertua eta Ordenagailu Bidezko Musika Sorkuntza ikastaroa (OBMS) barne hartzen ditu.
Alde batetik, Jozank Topaketek instrumentuen gaineko ezagutza landuko dute musikari ezagunen eskutik. Bestetik, Jozank Kontzertua ekimenak Kauta eta Suganen abesti berriak zuzenean entzuteko aukera eskainiko du. Azkenik, Fermin Muguruza taldearekin ibilitako Jon Elizaldek, Ordenagailu Bidezko Musika Sorkuntza ikastaroa eskainiko du.
Jozank Topaketak
Lau saioz osaturiko topaketa hauek, musikari ezagunen esperientziari eta ezagutzari esker, instrumentu desberdinak aztertuko dituzte.
Horretarako, Bilborock aretoak bi gune desberdin izango ditu. Batean musikariei buruzko aurkezpen multimedia emanaldiaz gain, Jabi Onaindia moderatzaileak musikarien aurkezpena egin eta hastapeneei buruzko hitzaldia emango du. Bestean, musikari bakoitzak erakustaldi labur bat egingo du eta test labur bati erantzungo diote.
Parte hartzaileen artean, Gatibu taldeko Gaizka Salazar, Lor taldeko Ramiro Unceta, Zea Mayseko Aiora Renteria abeslaria, Berri Txarrakeko Gorka Urbizu, Etxe bakarlaria, Josi Jimenez (Doctor Deseo), Ekaitz Hernandez (Splitt 77) eta Kerobiako Sabin Fernandez izango dira.
Informazio- material gehiago eskatu, zein elkarrizketaren bat hitzartu nahi izanez gero, harrapazank@gmail.com-era email bat idatzi daiteke.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: