Hauteskundeak EAEn

    Hauteskunde egutegia

    Zenbait gertaerek markatzen dute hauteskunde prozesua Eusko Legebiltzarra deuseztatzen denetik aldizkari ofizialetan emaitzak argitaratzen diren arte.


    Urtarrilaren 5ean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua sinatu zuenean, martxoaren 1eko hauteskundeen erlojua martxan jarri zen. Bi data horien artean, hainbat gertaera izango dira. Helmugan, diktadura amaitu zenetik bederatzigarren legegintzaldiaren hasiera.

    Urtarrilaren 6an, dekretua sinatu eta biharamunean, Eusko Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    Hiru egun geroago, hilaren 9an, hauteskunde batzordeak eratu zituzten. Urtarrilaren 21a eta 26a bitartean hautagai zerrendak aurkezteko epea iritsi zen, eta otsailaren 2an aldarrikatu zituzten batzordeek zerrenda horiek.

    Kanpaina martxan

    Izapide horiek guztiak beteta, otsailaren 13an era ofizialean hasiko da hauteskunde kanpaina. Hala ere, zenbait alderdi aspaldi hasi ziren "beroketa" lanak egiten. Kanpaina botoa emateko egunaren aurreko hamabostaldian izaten da beti. Kasu honetan, beraz, otsailaren 13a eta 27a bitartean izango da. Posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna, berriz, otsailaren 19a da.

    Martxoaren 1ean datozen lau urteotan Ganbera osatuko duten legebiltzarkideak hautatuko dituzte herritarrek euren botoen bidez. Aurreko egunean, hausnarketarako eguna izanik, debekatuta dago kanpaina ekitaldirik egitea.

    Hauteskunde gauean bertan emaitzak komunikabideen bidez ezagutuko baditugu ere, martxoaren 12ra arte ez dira era ofizialean argitaratuko. Hori baino lehen, hauteskunde batzordeek zenbaketa ofiziala egingo dute martxoaren 6tik 10era. Martxoaren 13an emaitzak aldizkari ofizialetan argitaratzen direnetik osatuta egongo da Eusko Legebiltzar berria.

    Gertaera nagusiak

    - 2009ko urtarrilaren 6a. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Hauteskundeetara dei egiteko dekretua argitaratu.

    - 2009ko urtarrilaren 9a. Lurralde Historiko bakoitzeko eta eskualdeetako hauteskunde batzordeak eratu.

    - 2009ko urtarrilaren 21a. Hautagai zerrendak aurkezteko epea hasi.

    - 2009ko urtarrilaren 26a. Hautagai zerrendak aurkezteko epea amaitu.

    - 2009ko otsailaren 2a. Hautagai zerrendak izendatu.

    - 2009ko otsailaren 13a. Hauteskunde kanpaina hasi.

    - 2009ko otsailaren 27a. Hauteskunde kanpaina amaitu.

    - 2009ko otsailaren 19a. Posta bidezko botoa eskatzeko epea amaitu.

    - 2009ko martxoaren 1a. Bozketa eguna.

    - 2009ko martxoaren 6tik 10era. Hauteskunde Batzordeek emaitzen zenbaketa orokorra egin.

    - 2009ko martxoaren 12a. Hautetsiak aldarrikatu.

    - 2009ko martxoaren 13a. Hauteskunde emaitzak aldizkari ofizialetan argitaratu.


    Publizitatea

    © EITB - 2010 - Lege-oharra

    GRUPO EITB:info corporativa - actividades - Kontaktua - cliente - Trabajar en EITB - proveedores - comercial - productos EITB