

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak itxita geratu dira martxoaren 1etik bost egunera, atzerriko botoak jada zenbatu baitituzte. Boto horiekin, eserleku bat EAtik PSEra pasatu da.
Hauteskundeak EAJk irabazi ditu eta 30 eserleku izango ditu Eusko Legebiltzarrean, hau da, 2005ean baino zortzi gehiago (garai hartan EArekin koalizioan auzkertu zen).
Hala eta guztiz ere, konstituzionalistek (PSE, PP eta UpyD) gehiengo osoa daukate eta, bat egingo balute, Juan Jose Ibarretxe berriro lehendakari izatea galaraziko lukete.
Hauteskundeetako behin betiko emaitzen arabera, konstituzionalistek 39 eserleku dituzte, eta hirukoak eta Aralarrek 36. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria negoziazioetan erabakiko da.
Bigarren alderdi bozkatuena PSE-EE izan da. Azkenean 25 legebiltzarkide lortu ditu, hau da, 2005ean baino zazpi gehiago.
Legebiltzarreko hirugarren indarra PP da berriro, 13 eserleku lortuta (duela lau urte baino bi gutxiago), eta Aralar laugarrena, EAren eta EBren aurretik, lau eserleku eskuratu baititu, azken hauteskundeetan baino hiru gehiago.
EA amildu egin da. 2005ean 7 ordezkari zituen, baina legegintzaldi honetan bakarra izano du.
EBk ere egin du behera, eta hiru legebiltzarkide izatetik bat izatera pasatu da.
Halaber, UPyD lehen aldiz sartu da Legebiltzarrean, ordezkari batekin.
Parte-hartzea %65ekoa izan da eta baliorik gabeko botoak ia %9; hots, 100.924 boto. Emaitza horiek eskuan, D3Mri 7 eserleku egokituko litzaizkioke (EHAK-k 9 zituen).
Eserleku bat eskuz aldatu da atzerriko botoekin
Hauteskunde gauean PSEk 24 legebiltzarkide lortu zituen, eta EAk bi, baina atzerriko boto-emaileen botoak zenbatu eta gero, sozialistek Arabako azken eserlekua kendu diote EAri.
Horrenbestez, sozialistek 25 izango dituzte, eta EAk bakarra.
Gobernu aukerak
EAJk duela lau urte baino legebiltzarkide gehiago lortu baditu ere, hirukoak 32 baino ez ditu guztira, hau da, gehiengo osotik sei eserlekura daude. Aralarrenak gehituz ere legebiltzarkide bira geratuko lirateke.
Hori horrela, Gobernu posibletako bat EAJ-PSE koalizioa da. Dena dela, Lopezek esan du lehendakari izaten saiatuko dela, eta horrek ezinezko egiten du bi alderdion arteko akordioa.
Gainera, PP eta UpyD Lopezi babesa emateko prest agertu dira. Balizko Gobernu sozialistan sartuko diren edo PSEk bakarrik gobernatuko duen da orain zalantza.
Lopezek erraza dauka Lehendakaritzara heltzea; ez, ordea, egunerokoan behar beste babesarekin gobernatzea. Izan ere, jeltzaleek ez diote laguntza emango, eta gainerako alderdiek nekez eutsiko diote Gobernua.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: