
Ilusioaren gurpilari itsasten zaizkio txirrindulariak, gaueko ordu txikietan ametsen ezkutuan irudikatzen dituzten lorpenak gauzatuko dituztelakoan. Itxaropen berrituak ernatzen dira zaleen artean, ziklismo garbia, istilurik gabea, ikusgarria eta kirol lege jatorrean jokatuko den konfiantzaren aterpean. Eta aurtengo Tourra ez da besteak baino gutxiago. Aspaldian ez bezalako ikusmina piztu du. Galdera asko dago erantzuteke, errepidearen epaiaren zain.
Epaitegia, ibilbidea alegia, osaturik dago. Eta ez du ematen erlojuaren kontrako espezialisten alde egingo duenik. Hori da, aurtengo lehen datu deigarria. Bakarka egiteko kilometro gutxi dago, aspaldian izan den gutxiena: 56 baino ez, bi saioetan. Lekutan daude aurreko urteetan egin behar izan dituzten 100 kilometrotik gorako jardunak. Beraz, erlojupeko espezialistek kopeta zimur izango dute. Baina, eskalatzaileek ere ez dute erabat leun izango. Mendatean amaituko diren hiru etapa baino ez daude. Bat Pirinioetan, bestea Alpeetan, eta, azkena Mont Ventoux mitikoan, beharbada amaierarik erabakigarriena.
Hala ere, mendatean amaitu gabeko etapa gogorrik ez da falta, eta horrenbestez estrategietarako oso egokia deritzot aurtengo ibilbideari. Horretarako ordea, batetik gaitasuna behar da, eta, bestetik, borondatea, galbidean dagoen bertutea. Zirt edo zart egiteko ausardia urria da. Teorikoki estrategien atea beti zabalik egon arren, praktikak baikortasunerako aukera gutxi uzten du. Ziklismoa aldatzen ari da, azkenaldian norbanakoen lehia ari da nagusitzen, eta taldeen garrantzia murrizten ari da baina beldur naiz Astanak izan lezakeen nagusitasunak ez ote duen kontrolaren gidoi arlotea idatziko. Izan ere talde horretan kontrol lana egitea egokituko zaion ia edozein ziklista, Andreas Kloden, Levi Leipheimer, Haimar Zubeldia edota Yaroslav Popovich, eraso egin beharko duten ziklisten mailakoak dira. Kloden birritan izan da podiumean, Leipheimer behin, Haimar birritan bosgarren, eta Popovich bera behin zortzigarren.
Lehia ordea ez da inoiz ematen duen bezain erraza izaten. Nire ustez Alberto Contador da faborito nagusia. Arrazoi askogatik. Bere gaztetasun eta aldi berean eskarmentuagatik, taldeagatik, ibilbideagatik, ikasitako akatsengatik eta handinahiagatik. Baina, batez ere bere talentu aberatsagatik. Erlojupekoan oso ondo moldatzen da, mendatean bikain, inor baino hobeto, eta errekuperatzeko gaitasun aparta du. Ez dago bera bezalakorik hiru asteko itzulietarako.
Horrek guztiak ordea ez du esan nahi, aldaparik gabeko ibilbidea izango duenik. Lehena karrera hasi baino lehen egokitu zaio gainditzea. Presioa. Lance Armstrongek azkenaldian egin dituen adierazpenek edozein urdurituko lukete. Contador ez da salbuespena. Ziklismoa bera bezain egia zaharra da errepideak erabakitzen duela liderra, baina ez zait iruditzen batere egokia denik adierazpen horiek publikoki egitea. Ez da ona taldeko giro egokiarentzat. Sesioa eragin lezake. Kontua da, beharbada, intentzioarekin egin dituela estatubatuarrak, horrelako egoerak kudeatzen maisua baita Armstrong, Contador ez bezala, eta hori probestu lezake madrildarrari gain hartzeko. Baina, Armstrongek esan bezala errepideak ez du inorekin errukirik eta onenaren legea ezartzen badu, ez dut uste sententzia bere aldekoa izango denik.
Astana taldeko bi buruen arteko norgehigokaz haratago, zerikusi asko dago. Cadel Evans, aurreko urteetan baino freskoago heldu da, eta urtero izan ohi duen egun txarra edo presioaren zama gainditzen badu, edozeini emango dizkio lanak. Hala ere, ez dut fede itsurik harengan. Beste faboritoek ere badute gabeziaren bat. Menchov, konfiantzaz beterik helduko da Giroko garaipenaren euforia baliaturik. Baina, Tourra ez da Giroa, aurkariak ere ez, beroa ere ez, ezta karrerak eskatzen duen kirol maila ere. Hori oso ondo daki Carlos Sastre iazko garaileak, eta garaipena errepikatzeko ezintasunak eraginda jo zuen bete betean Girora. Sastre ez da ikusgarria, ez du atxikimendu handirik lortu zaleengan baina erregularra da, eta horren saria postu on batek emango dio. Baina, ez garaipenak. Eta podiumak ere nekez.
Etorkizuna gazteena da eta haiengan izan behar dugu konfiantza. Azken urteetan ziklista gazteek, gazteen saria lehiatzen dutenek esan nahi baita, ezin izan dute lehen hamarretan sailkatu. Aurten baiezkotan nago. Batez ere bat: Andy Schleck. Bere bertuteen berri ez dago eman beharrik, mundu guztiak daki eskalatzaile bikaina dela, batez ere 2007ko Giroaren berri dutenek eta oraindik aurtengo Liege-Bastogne-Liege gogoan dutenek. Suitzako itzulian ez da ondoegi ibili, baina horrek ez dio axola. Ez du kalterik izango, gora egingo baitzuen geroztik. Hala adierazten du Luxemburgoko Txapelketak. Lehen hamarretan ez ezik, podiumaren lehian ere ikusten dut aurten.
Harekin batera Roman Kreuziger ere aintzat hartu behar da, eta gutxixeago behinik, baita Tony Martin ere, Suitzan bigarren izan zena. Tourrean taldekideei, Kim Kircheni eta Mark Cavendishi batez ere, laguntzeko eginkizuna izango du eta, beharbada, ez da askorik luzituko, baina euren guztien txanda heltzen hasi da.
Irabaz dezala onenak.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:








