

Lehendik ere gutxi baziren, egunak joan egunak etorri, geroz eta gutxiago dira lesio madarikatuen erruz. Gaur, Drame atzelariak hartu du min eta itxura guztien arabera zuntz haustura izan lezake ezker zangoko izterrean eta hala balitz hilabete inguru egongo da jokatu ezinik.
Bestalde, bi ordu pasatxoko lan saiotik aipagarriena Oskitz Estefania Sanseko aurrelariak nagusiekin entrenatu duela. Pasaitarrari etorkizun oparoa aurreikusi zitzaion bere garaian eta Realak kontratu mamitsua egin behar izan zion Zubietatik joan ez zedin, baina urteen poderioz bere dizdira itzaliz joan da. Talde ezberdinetan utzita jokatu ostean, Sansera itzuli zen iaz, baina bere parte hartzea hutsaren hurrengoa izaten ari zen azken hilabete arte. Jarraikortasunez jokatzen hasi, orain bi aste gola sartu eta gaur inork gutxik espero ez zuen saria jaso du.
Prentsa aretoan Xabi Castillok eta Marcosek hitz egin dute. Atzelari durangarrari, nola ez, kontratu berritzeaz galdetuta hauxe erantzun du. "Nire ordezkaria Badiola presidentearekin bildu zen duela bi aste, baina uneotan nik nahiago dut itsaron egoera normalizatu arte ezegonkortasun handiegia dagoelako".
Huescaren kontrako partidari dagokionez, argi utzi du etxean hirunaka batzen hasi behar direla aukerekin jarraitzeko. "Bigarren mailan ez dago arerio samurrik eta partida zaila izango da. Hala ere, irabazten hasi behar gara eta etxean oraindik eta gehiago. Baja garrantzitsuak izan arren hor jarraitzen dugu, bost puntura eta ea Elus eta Prieto osatzen direnerako borrokan jarraitzen dugun".