Inork ez du Athletic-Levante partidari buruz hitz egin gura. Argazkia: EFE
Athleticek ez dio txerriari jaten eman gura. Klub zuri-gorriak ez du ezer esateko Athleticek eta Levantek 2006-07 denboraldiko azken partidan egon zen ustezko erosketaren gainean. Orduan Levanteko kapitain Iñaki Deskargak eta Julio Romero presidenteak izandako elkarrizketa batean talde zuri-gorriak Levanteko jokalari batzuk erosi egin zituela esaten du jokalari gipuzkoarrak. Bada, zuri-gorriek ez dute ezer esateko. Ez presidenteak, ez jokalariek. Javi Martinezek, ordurako lehen taldean ari zen futbolaria, ez du kontu zikin horren gainean jarduteko asmorik agertu. "Ez daukat ezer esateko", esan du behin eta berriz.
Zuri-gorriek Racingen aurkako partida dute buruan. Neurketa garrantzitsua da beheko postuak utzi eta aurrerapausu bat emateko. Partida interesgarria bezain gaitza izango da. Aurkariak puntu premia dauka eta Athleticen aurkako neurketak derbiak bailitzan hartzen baitituzte Santanderren. "Neurketa hori jokatzeko gogo handia daukagu. Derbien antzeko partidak dira, bereziak. Gainera, irabazten badugu aurrea hartuko diogu Racingi. Horrek are eta gehiago motibatzen gaitu".
Sardineroko norgehiagokarako Amorebietaren zain dago Caparros. Iurretako futbolaria hobeto dago, hasi da baloiarekin ariketak egiten. Beste egun bi ditu erabat osatzeko.









