
BAT Basque Team fundazioaren babespean diharduten Patxi Usobiaga eta Irati Anda eskalatzaileak komunikabideen aurrean azaldu dira Donostian, datorren astean Munduko Eskalada Txapelketa jokatu behar duten Txinako Xining hirira abiatu baino lehen. Patxik eta Iratik uztailaren 4an eta 5ean egingo diren finaletara iristeko itxaropena dute (emakumezkoen eta gizonezkoen kategorian, hurrenez hurren), baina horren aurretik, datorren ostegunean hasita, uztailaren 2an, jokatuko diren kanporaketak gainditu beharko dituzte.
Patxi Usobiaga (Eibar, 1980-9-7) egoera inbidiagarrian iritsi da ondoz ondo jokatuko duen seigarren Munduko Txapelketa honetara. Azken hiru edizioak txapeldunorde amaitu ditu, eta gaur egun, laugarren postuan dago IFSCren (Kirol-Eskaladako Nazioarteko Federazioa) rankingean. 223,58 puntu ditu, Patxik, Julian Puigblanque (268,94) katalana, Tomas Mrazek txekiarra (302,64) eta Jorg Verhoeven (331,90) holandarra izango ditu arerio Xiningen, hauexek baitira ziurrenik egun dituen kontrariorik aipagarrienak. Azken Mundu Txapelketetan izandako partehartze bikainaz gain, euskal eskalatzaileak 2006ko eta 2007ko Munduko Kopak eta 2008ko Europako Txapelketa irabaziak ditu.
Irati Andaren kasuan (Gasteiz, 1982-12-25), Xiningeko hitzordua Mundu Txapelketan egindako bigarren partehartzea izango da, Avilesen 2007an jokatu zuen Mundu Txapelketaren ondoren (bosgarren postua lortu zuen orduko hartan). Nazioartean, Arcoko (Italia) Rockmasterean 2007ko irailean lortutako hirugarren postua, eta urte bereko urrian eta azaroan Kozon (Japonia) eta Kranj-en (Eslovenia) jokatutako Munduko Kopako probetan lortu zituen bigarren postuak dira orain arteko bere markarik onenak. 2008an eskumuturra lesionatu arte, Estatu espainiarreko eskalatzailerik onentzat jotzen zuten, bata bestearen ondoren irabazi baitzituen 2006 eta 2007ko Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak. Gaur egun, 16. postuan dago IFSCren rankingean.
Xiningeko Mundu Txapelketan parte hartu ondoren, Patxik eta Iratik nazioarteko proba ugari jokatuko dute. Munduko Kopak ondoko leku hauek bisitatuko ditu ondorengo hilabeteetan: Chamonix (Suitza, 09/7/12); Bartzelona (09/8/8); Imst (Austria, 09/8/21); Puurs (Belgika, 09/9/25); Brno (Txekia, 09/11/6); eta Kranj (Eslovenia, 09/11/14). Nazioarteko beste proba batzuetan ere parte hartuko dute, hala nola, Serre Chevalier (Frantzia, 09/7/24); Arcoko Rockmasterra (Italia, 09/9/5) edo etxean jokatuko den Dur&Go delakoa (Durango, 09/9/11).
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:
