
Lurreko telebista digitaleko ETB-4 katea abian jartzea eta Donostiako Miramongo egoitzaren berritzea dira EITBk aurtengorako dituen helburu nagusietako batzuk. Hori adierazi du Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzak urteko txostena eta datorren urteko helburuak aurkezteko egin duen prentsaurrekoan. Amaitu berri den urtean, hain zuzen ere, ETB-3 katea eta eitb.com berria jarri dira martxan eta Radio Euskadik 25. urtemuga bete du.
Bilboko egoitzan EITBko zuzendariak izan dira 2008. urtearen nondik norakoan azaltzen. Bingen Zupiria ETBko zuzendaria; Juan Diego, Estrategia Taldeko eta eitbneteko zuzendaria; Julian Beloki Eusko Irratiko zuzendari koordinatzailea; Mikel Agirre Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendaria eta Manu Castilla Gizarterekin Harremanetako zuzendariak hartu dute parte 2008an EITBko Bilboko egoitzaren lehen urteurrena bete da. Izan EITB lelopean ospatu zen urtemuga urriaren 10ean. Egun horretan egoitzaren ateak zabaldu zituzten egoitza ikusi nahi zuen guztiarentzat. Egun horretan gainera jarri ziren martxan ETB-3 eta eitb.com berria.
ETB-3 Betizu, Gaztea eta EITB Kulturaren katea da. Euskara eta gazteak ditu ardatz kate digital berriak. eitb.com-ek, berriz, EITB taldearen ikus-entzunezko eduki guztiak bateratzen ditu atari bakar batean. Interaktibitatea, partea hartzea, eta denetariko gai eta istorioak dute bertan lekua, sorpresak, emozioak eta emerkataritzak ere bai.
Radio Euskadiren 25. urtemuga ospatu da 2008an. Ekintzarik deigarriena World Café izan zen. Radio Euskadik elkarrizketa irekia antolatu zuen bere profesional, kolaboratzaile eta entzuleekin. Guztira mila solaskide bildu ziren.
Audientziei dagokionez 2008n telebista kontsumoaren errekorra lortu da. Gizabanako bakoitzak 227 minutu kontsumitu ditu bataz beste, 2007an 207 minutu izan ziren bitartean. Inguru-mari honetan Euskal Telebistak 18,5%eko audientzia zatiarekin itxi du urtea, iazko sharea parekatuz. ETB-3 kate digital berriak 138.000 laguneko audientzia metatua du eta bigarren kate tematikoa da, Naturaren atzetik.
EITB taldeko irratiek Radio Euskadi, Euskadi Irratiak, Gazteak, EITB Musikak eta Radio Vitoriak, emanitza sendoak dituzte. CIESen arabera 425.000 entzule eta EGMk berriz, 431.000 entzule ematen dizkie orotara egunero. EITBk interneten, bestalde, 6.828.262 orri ikusi ditu eta 610.647 erabiltzaile bakar.
Ekonomiaren atalean, haatik, 167.576.000,00 euro izan dira sarrerak , 129.400.000,00 € dirulaguntza eta 38.176.000,00 € sarrera propioak. Gastuak sarrerak bezain beste izan dira. Hartara, beste behin EITBk defizitik gabe amaitu du urtea, aurrekontuaren orekari eutsiz.
Sari asko jaso ditu 2008an komunikazio talde publikoak. Hedabide eta atal ezberdinetan jaso dira sariok. Besteak beste, “Vaya Semanita”k Ondas Saria jaso du, Euskadi Irratiko “Arratsaldekoa”k eta “Mihiluze” ETBko saioak Argia saria jaso dute eta Jose Mari Iriondo eta Xabier Usabiagak Ricardo Arregi sariekin gailendu dituzte. Eitb.com-eko infografiek ere Indianan Horizon Interactive saria eskuratu dute eta Zaragozan ÑH Lo Mejor del Diseño Periodístico galardoa. Radio Euskadiko erreportaje taldeko lankideek Dolores Ibarruri saria jaso berri dute abenduan. Horrez gain, EITBko ingenierei IKT Berrikuntza Saria eman diete eta Bilboko egoitzari Ekoizpen Profesionala sariarekin nabarmendu zaio.
2009. urtean Miramonen berritzea eta ETB-4 katea dira, besteak beste, helburu nagusienak EITBrentzat. Albisteak izango ditu ardatz udazkenean martxan jarriko den kateak. Kate eleanitza izango da: euskaraz eta gazteniaz eskainiko da batez ere, baina frantsesez eta ingelesez ere izango da emankizunik.
Bestalde, aipatzekoa da baita ere itzalketa analogikoa hasiko dela aurten, Araban hasiko da ETBrentzat.
Arabako Radio Vitoria irratiak, halaber, 75. urtemuga ospatuko du. Horrez gainera, beste desafio bat ere badu EITBk: Europako kalitatearen onirizpena jasotzeko aurkeztuko du bere burua, EFQM eredua jarraituz.
2008 txostenaren aurkezpenean, EITBko zuzendaritzak abenduaren 31n izandako atentatuaren ondoren jasotako elkartasun eta babesa eskertu nahi izan du. Atentatuak ez du traba egin emanaldiek etentzeko. Konponketa lanak dena den bi hilabetetan amaituta egongo direla espero dute.