Euskadi Irratiak eta UPV/EHUk, Euskaltel eta Innobasque-ren babesaz, Viktor Ullmann-en "Der Kaiser von Atlantis" obra eskaini dute. Euskadi Irratiak antolatutako Sormenaren gaua ekitaldiaren bigarren edizioan izan da. Operaren bi emanaldi egon dira ostegun honetan EITBren egoitzan (Basurtuko Kaputxinoak 2).
Atlantidaren enperadorea nazismoaren izaera eta giza bizitzaren balore urriari buruzko alegoria da. Egilea Viktor Ullmann (1898-1944) da, Auschwitz kontzentrazio eremuan gaseztaturik hil zen konpositore judua. Opera hau Txekiako Terezin igarotze eremuan zegoela idatzi zuen, baina ezin izan zen estreinatu 1975ra arte.
Osteguneko saioen musika zuzendari Andrea Cazzaniga da eta zuzendari artistikoa Josu Rekalde UPV/EHU Arte Ederren Fakultateko katedraduna. Zazpi kantarik, Xabier Mendoza Oliva baritonoak, Ana Otxoa sopranoak, Ralf Grobe baxuak, Alberto Núñez Baracaldo tenoreak eta Ana Häsler sopranoak, besteak beste, eta Ensamble Kuraia taldeko hamahiru musikarik parte hartzen dute operan. Eszenografian, Josu Rekalderen zuzendaritzapean, Ikuskizunaren Arte eta Zientziak izeneko masterreko 7 ikaslek lan egin dute. Pertsonaiei denboraz kanpoko estiloa eman diete, estereotipoa indartzen duena. Eszenatokiaren atzeko aldean jarriko den pantailan, libretoaren hitzetan, bizirik dauden hildakoak antzezten dituzten dantzarien irudiak eta alemanezko elkarrizketen itzulpenak ikusi ahal izango dira.




