Gaur aurkeztu du Agustin Arrieta-Urtizberea idazle errenteriarrak Istripuak bere lehenengo literatur lana. 18 ipuinez osatutako narrazio-bilduma da. Era askotakoak daude, luze samarrak eta orrialde betekoak ere bai. Badira elementu surrealistak dituztenak, atmosfera magiko batean bildutakoak, kezka eta herstura eragiten duten alegoriak, zientzia fikzioko tantak eta zaparradak; baina badira egunerokotasun arrunta ezin hobeto islatzen dutenak ere, hautsez betetako errepide bazterrean bizi diren pertsonaiak, hiriko giro bizkorrean
Iragan bat dute Agustin Arrietaren pertsonaiek, iragan bat oraingo aldia baldintzatzen dietenak. Iragan bat dute pertsonaiek. Ba ote dute etorkizunik?
Denok uste dugu biharamuna gainerako egunen antzekoa izango dela, hau da, altxatzeko eta ibiltzeko gai izango garela, ohiko jendea eta tokiak ikusiko ditugula, etengailua sakatuz, argia berdin-berdin etorriko dela, eta eguzkia aterako dela ekialdetik. Baina istripua, ustekabea, hor dago...
Agustin Arrieta-Urtizberea 1962an jaio zenetik, Errenterian bizi da; paper-fabrika, ibaia eta Jaizkibel aurrean, San Marko eta bertako zabortegia atzealdean, Aiako Harria eskuinean, eta itsasoa ezkerrean. Filosofia eta informatika ikasitakoa. Filosofiako irakaslea EHUn. Argitalpen guztiak filosofiari buruzkoak ditu orain arte. Besteak beste, euskaraz honako liburuak idatzi ditu: Egia Motak (EHU), Zertaz dihardu filosofiak? (Jakin), David Hume: ekintzak, sentimenduak eta balioak (Jakin). 2008. urtean, beste egile batzuekin batera, Filosofiaren Historia (Elkar) idatzi du.
Bertrand Russell-en Filosofiaren arazoak eta David Hume-ren Gustuaren araua itzuli ditu euskarara.




