Juan Diego Botto El Greco filmeko protagonistetako bat da. Argazkia: EFE
Greco ezizenarekin ezaguna den Domenikos Theotokopulos Errenazimentuko margolariaren bizitza zinema-aretoetara dakar Iannis Smaragdis Kretako zinemagileak, Vangelisek soinu-banda jarri dion eta Juan Diego Botto eta Laia Marull protagonista dituen film batean.
Dimitris Siatopulos idazlearen El pintor de Dios eleberrian oinarrituta, Kretatik iheska Venezian bizitzen hasten den artista horren bizitza kontatzen du El Greco filmak. Han Tizianorekin batera lan egiten hasiko da, eta bizitza txarrera aldatuko dion Niño de Guevara espainiar apaiza ezagutuko du.
"Filma grabatu baino lehen ez nekien gauza handirik Grecoren inguruan, ezta Niño de Guevara nire pertsonaiari buruz", esan du Juan Diego Botto aktoreak. Inkisizioko apaiz horrena egiten du Bottok; Grecok erretratu bat egiten dionean bien arteko harremanak okerrera egingo du.
De Guevara Bottok inoiz egindako pertsonaiarik "gaiztoenaren" erruz Grecok (Nick Ashdon) Espainiara bidaiatzea erabakiko du. Hor geratuko da bizitzen eta Jeronima de las Cuevas (Laia Marull) andrearekin maitasuna ezagutuko du.
Europako hainbat herrialdek elkarlanean ekoitzi dute zinta, eta soinu banda Vangelis Greziako musikariarena da. Artistak Ridley Scotten eta Oliver Stoneren filmei musika jartzeari uko egin zion El Grecon lan egiteagatik, zuzendariak adierazi duenez.




