

Osagaiak
500 gr indarrezko irin
35 gr okindegiko legamia fresko
3 arrautza
100 ml esne epel
75 gr azukre
Ezti koilarakada 1
150 gr desegindako gurin
10 gr gatz
85 gr ama-ore likidoa
Arrautza 1 orea margotzeko
Desegindako gurina moldeak margotzeko
Nola egin?
Irina kokatu sumendi itxura emanez, gatza bota eta zulo bat egin erdian. Jarraian, zulo horretan esnea (legamiarekin nahastuta), desegindako gurina, irabiatutako arrautzak, azukrea eta eztia sartu. Sumendiaren barneko likido guztiak ondo nahastu, irina hartu gabe. Ondo nahastutakoan, irina hartzen hasi, ore trinko bat osatu arte. Oratu 15 minututan zehar, ama-ore likidoa gehitu eta oratzen jarraitu, ore distiratsu, bigun eta elastikoa lortu arte.
Orearekin bola bat egin eta olioz margotutako kaiku batean sartu. Film batekin (koipeztatuta ere) eta sukalde-oihal batekin estali.
Aire-korronterik gabeko leku batean jarri (labea adibidez) eta bolumena bikoizten edo hirukoizten utzi (3 ordu inguru). Bolumena handitzeko denbora desberdina izan daiteke lekuan dagoen tenperaturaren arabera.
Bolumena bikoiztutakoan, kaikutik atera eta gasa kendu. Horrek esan nahi du orea zapaldu behar dela mahaiaren kontra bolumena bikoiztean hartu duen gasa kentzeko eta hasierako tamaina emateko.
Ostean, zilindro bat osatu orearekin eta 55 gramoko zatiak hartu. 10 gr banatu eta gainontzeko 45 gramoekin bola bat egin eta moldean sartu (aldez aurretik gurinarekin margotu ez itsasteko). Bola horren erdian zulo bat egin, arrautzaz margotu eta 10 gramoko bola txikia sartu. Orea guztiarekin berdina egin, guztia amaitu arte.
Oihal batekin estali bolumena bikoiztu edo hirukoiztu arte (1 eta 2 ordu artean).
Denbora hori igarotakoan, arrautzaz margotu eta labean sartu. Ez dira denbora asko egon behar labean, baina tenperatura altua izatea garrantzitsua da: labea aldez aurretik berotu 200 gradutara 12 minututan zehar; jarraian, moldea sartu, 180 gradutara jaitsi tenperatura eta 12/14 minutu itxaron.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: