
Ordiziako XXXVII. Ardi Gazta Lehiaketa Idiazabalgo Aranburu Elkarteak irabazi du. Gazta irabazlea enkantean jarri dute ondoren eta, lehiaren ondotik, Beasaingo Dolare jatetxearentzat izan da Ordiziako Gazta Lehiaketako gazta irabazlearen erdia. Jatetxeak 7.200 euro ordaindu ditu gazta eskuratzeko. Hala ere, enkanteak ez du 2004an ezarritako errekorra gainditu, orduko hartan 12.100 eurotan saldu baitzen gazta erdia. Halaber, iaz Super Amara supermerkatu kateak ordaindu zituen 12.000 eurotatik ere erabat urruti gelditu da.
67 gaztek parte hartu dute lehiaketan eta sukaldariz, kritiko gastronomikoz eta kazetariz osatutako epaimahaiak erabaki du Ordiziako gazta onenaren izena. Epaimahaiaren buru Juan Mari Arzak sukaldaria izan da. Sukaldariaren hitzetan, Ordiziakoa munduko gazta lehiaketarik onena da eta artzainek produktu hori egiteko mendian egiten duten ahalegin izugarria goraipatu du.
Ez da J. Aranburu Elkarteak Ordiziako lehiaketa irabazten duen lehen aldia. Izan ere, 1997an eta 2006an ere irabazi zuen. J. Aranburu gaztandegiak horrez gain, Gipuzkoako Ardi Gazta Lehiaketa irabazi du, aurten. Legazpin egiten den lehiaketa hori Ordiziako azokaren atariko gisa ezaguna da. Ibilbide oparoa darama aurten Idiazabalgo gaztandegiak Elorrion egindako lehiaketan ere lehen saria irabazi baitzuen.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:
