
Martin Berasateguik 'Oscar de l'emballage' saria jaso du Parisen 'Martin Berasategui System' botila iraultzaileari esker. Ardo botiletako hondarrak baztertu eta kopara erortzea ekiditen duen botila diseinatu zuen sukaldari euskaldunak.
Frutetatik eratorritako likidoetan (ardoa, pattarra, zukua, olioa...) izan ohi diren hondarren bolumena urritzen du botila horrek, eta sortzen diren apurrak botilaren hondora bultzatzen ditu, huts efektua sortuz, asmatzaileek argitu dutenaren arabera.
Bere jarduna hiru Michelin izarrez aitortuta duen sukaldariak azaldu duenez, bost bazkidek hainbat urtez egin dute lan 'ideia bikain' hau, 'ardogintzaren alorrean mugarria ezarriko duen proiektu hau', garatzeko.
Gainera, botilok gordetzeko botilategi berria ere aurkeztu zuten bere garaian. Horrek ere berrikuntza nabarmena dakar; izan ere, botilak orain arte horizontalean edo bertikalean gorde baditugu ere, asmakuntza berri horri esker aurrerantzean zeihar, zeharka etzanda, gorde ahal izango dira.
Diseinu horrek 'dekantazioa errazten du' eta, ardoari dagokionez, likidoa' kontserbatzeko posiziorik egokienean jartzea' ahalbidetzen du.
Gainera, botilak, orain arte ez bezala, babesturik geldituko dira upategietako apaletan, asmakuntzari esker, eta, hortaz, salgai jarri aurretik ez dira banan-banan garbitu behar izango. Horrek, denbora eta dirua aurreztea ekarriko du, Berasateguiren azalpenaren arabera.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:
