Aste Santuko programazioaren barruan, Euskal Telebistak Santa Engrazi pastorala pantailaratuko du. Santa Engrazi pastorala Santa Graziko herriak antzeztu zuen 2006ko uztailaren 23an eta 30ean, eta Euskal Telebistak zuzenean grabatu zuen. Pastoralaren testua Junes Casenave-Harigile Altzaiko apaizak idatzi du, herriari izena eman dion santuaren omenez. Santa Engrazi-z gain, Aita Junes Casenave-Harigilek Jesus pastoralaren testua prestatu zuen 2006rako. Jesus, San Frantses ikastetxeko ikasleek taularatu zuten, 2006ko maiatzaren 7an, euren herrian, Maulen. Pastoralak Jesu Kristoren bizitza kontatzen du, eta Euskal Telebistak hau ere Aste Santuan eskainiko du. EiTBren webgune berezi honetan Santa Engrazi-ren testua kontsulta daiteke, zubereraz eta euskara batuan, hitz berezkoenen glosario bat barne. Glosarioaz gain, internautak zubereraren ezaugarriak aurki ditzake webgune honetan, jatorrizko testua sakonago aztertu nahi izanez gero. Zubereraren gainean datu gehiago jakin nahi duenak sarean webgune interesgarria du. |