
Ama Say talde bizkaitarra musika eszenara itzuli da eta boskoteak EITB Kulturarekin konpartitu nahi izan du bere itzulera. Momentuz, eszenatokietara igotzeko bakarrik berragertu dira eta hurrengo geltokia Bilbao BBK Live musika jaialdia izango da.
Euskal Herrian Zuzenean jaialdiak 18 kontzertu eskainiko ditu aurtengo ekinaldian: Borrokan, Zura, We Are Standard eta Willis Drumond izango dira, besteak beste, talde gonbidatuak. EITB Kultura saioak, aukera hau aprobetxatu nahi izan du Willis Drumonden azkeneko lanaren berri emateko. Taldearen bigarren diskoa da, baita gaur egun taldea osatzen duten lau kideek elkarrekin eginiko lehenengo lana ere.
EITB Kultura saioan Ataungo Organo Barrokoko Jaialdiaren hirugarren edizioan murgilduko dira Conductus Ensemble taldearen bitartez. Multzoa, Euskal Herriko musikari eta abesbatzetako kideek osatzen dute, guztiak musika talde ezberdinetakoak.
Bilbo hiria skater eta argazkilarientzako eszenatokia bihurtu da Skate in Vision lehiaketari esker. Argazki lehiaketa berezia izan da honakoa eta Apetit Gallery aretoan eginiko erakusketarekin amaitu berri da. Erakusketa, ekainaren 17ra arte egongo da ikusgai. EITB Kultura argazki saioan eta ondorengo erakusketan egon da skater eta argazkilari profesionalekin.
Aste honetako saioan, halaber, Sast! ikuskizuna ezagutuko dute. Matxalen Bilbao dantzari eta koreografoaren azkeneko lana da eta programaren kameren aurrean azalduko du nolakoa izan den lanaren sormen prozesua.
Bilboko Arte Ederren museoak Joaquin Miren erakusketa antologikoa dago ikusgai egun hauetan. XX. mende hasierako artista izan zen Joaquin Mir eta bere lanean kolorea eta argia izan ziren nagusi. EITB Kultura artistaren lanean gehiago murgilduko da haren mundu koloretsua hurbiletik ezagutzeko.
30 erakunde baino gehiago biltzen dira Denboraren eszenatokian izeneko, Gerardo Sanz argazkilariaren erakusketan. Argazkilariak antzerkiaren magia harrapatu nahi izan du bere lanean eta erakusgai dago Donostiako Okendo Kultur Aretoan ekainak 11ra arte.
EITB Kultura ostegun honetan 23:35tik aurrera dago ikusgai ETB-1en.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: